Albisteak

Bizikidetza eta Memoria jardunaldiak Urnietan

Urnietako Udalak urte mordoa darama bizikidetzaren eta memoriaren gaineko lanketa egiten Urnietan ahalik eta elkarbizitza egokiena lortzeko eta memoria partekatu eta inklusibo bat sortzeko xedez. Aurten ere jardunaldi berri batzuk antolatu ditu eta urria eta azaroa bitartean lau ekitaldi izango dira. Horietatik lehena hurrengo asteartean izango da.

 

S(u/a)minetik bakera (ikus-entzunezko proposamen eszenikoa)

Eguna: urriak 30, asteartea

Ordua: 19:00

Lekua: Lekaio kultur etxea

Hizkuntza: euskara eta gaztelania

Zuzenean interpretatzeko sortua den musika konposizio baten bidez bi hilketek eragindako doluetan piztutako sentipenak eta hausnarketak lagunduko dituzte literatura erreferentziek, irudiek eta musikak.

Abiapuntua Batallon Vasco Español-ek eraildako Iñaki Etxaberen alaba (Olatz Etxabe) eta ETAk eraildako Isaias Carrascoren alaba (Sandra Carrasco) dira. Bi emakume arrasatear hauen testigantzak entzungo dira, eta bi  narratzaile ere tartekatuko dira lau ataletan; hori guztia Mudoh-k zuzenean interpretatuko duen musikak lagunduta.

Lan honek sumina eta samina atzean utzita, bakera arteko bidea egiten lagundu nahi du.

Patxi Lurrak idatzi eta zuzendutako lana da, narratzaileak berriz, Ana Galarraga eta Imanol Epelde, eta Arteman Komunikazioak ekoiztua dago.

 

Bizimiñak (Antzerkia + Artea + Musika)

Eguna: azaroak 6, asteartea

Ordua: 19:00

Lekua: Lekaio kultur etxea

Hizkuntza: euskara

Bizikidetza, egunero lantzen dugun gaia dugu, unibertsala dena zein gertukoa, nahi gabean, multzoak agintzen duenaren arabera edo determinazioz jorratzen dugun gaia da. Baina zergatik gara multzo bateko edo besteko? Zergatik aukeratu beharra? Eta inongo ez nahiko bagenu izan? Zer da erabakitzea?

Urte luzez bizi izan dugu mina eta oraindik mina darraio etxe askotan. Mina, gorrotoa, itsutasuna, isiltasuna. Minaren orbainak, zauriak erakutsi nahi ditugu, etxe guztietako leihoak zabaldu nahi ditugu, entzun, ikusi.

Kultur esparru ezberdinez baliaturik, mina eta honen bueltan dabiltzan gai ezberdinez hitz egin nahi dugu, marraztu nahi dugu, abestu nahi dugu.

Zuzendaritza: Itziar Elias, Maddi Iratzoki, Dani Iratzoki

Antzezleak: Itziar Elias, Maddi Iratzoki

Musikaria: Dani Iratzoki

 

Nola landu biktimen aitortza tokian-tokian (Hitzaldia)

Eguna: azaroak 13, asteartea

Ordua: 19:00

Lekua: Lekaio kultur etxea

Hizkuntza: gaztelania

Laura Pego Otero

Zuzenbidean Doktore eta Kriminologian Masterra, abokatu gisa lan egin du eta azken urteotan Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologiaren Euskal Institutuan ikertzaile da. Giza-Eskubideen, biktimen eskubideen eta atxilo edo preso dauden pertsonen inguruko hainbat ikerketetan parte hartu du, besteak beste, berriki aurkeztu den “1960-2014 bitartean Euskadin izandako tortura eta tratu txarrak ikertzeko Proiektua”.

Gema Varona Martínez

Zuzenbidean Doktorea, Lege Soziologian Nazioarteko Masterra, Euskal Herriko Unibertsitatean ikertzaile doktore iraunkorra da eta Kriminologiako Euskal Institutuaren Zuzendaritza Batzordeko kidea, Euskal Biktimologia Sozietateko lehendakaria, 2014tik EHUko Zuzenbide Fakultateko Kriminologia graduko koordinatzailea da eta hainbat irakasgai eskaintzen ditu. Ikerketa proiektu desberdinetan parte hartu izan du, bereziki aipagarriak izanik Justizia Leheneratzailean eta terrorismoaren biktimen inguruko lanak.

 

Eta herritarrok zer? Bizikidetza gure esku ere badago (Word café)

Eguna: azaroak 20, asteartea

Ordua: 19:00

Lekua: Lekaio kultur etxea

Hizkuntza: euskara eta gaztelania

Zer da zuretzat bizikidetza? Eta memoria? Zer egin dezakegu herritarrok bizikidetzaren alde?

Galdera horiei eta ardura sortzen duten beste hainbati elkarrekin erantzuteko, Urnietako bake eta bizikidetza talde herritarrak dinamika parte-hartzaile honetara gonbidatzen ditu herritar guztiak. Bertan, talde txikietan, konfiantzaz eta soseguz, jardunaldietan zehar ateratako gai klabe eta ardura zehatzen inguruan hitz egingo dute partaideek.

Edozein dela ere zuen sentsibilitatea, herritar ezberdinen iritziak entzun eta zureak konpartitzeko aukera aprobetxatzera animatzen zaituztegu.

Bertaratzeko asmoa baduzu izena-ematea gomendatzen dizugu: 605718297 / urnietabizikidetza@gmail.com

DESKARGATU FOLLETOA

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika