Albisteak

Nahikari Garcia: “ez zen soilik nire erabakia, baina Reala nire etxea da, proiektu polita dugu eta gustura nago”

RS

Nahikari Garcia urnietarra Realaren emakumezkoen taldeko ardatz nagusia da. 16 urterekin eliteko futbolean debuta egin zuenetik aurrerapausoak eman ditu etengabe gaur egun den erreferente bilakatu den arte. Azken asteetan gainera, bere izena bolo-bolo ibili da PSG talde frantziar boteretsuak bera fitxatzeko erakutsi duen interesagatik, baina azkenean Realean jarraitzea erabaki du.

Sanmiel jaietako txupinazoaren egunean egin dugu hitzordua berarekin, Urnietako Euskaraldiko hamaikakoaren parte dela eta aurkezpen ekitaldira etorri dela aprobetxatuta. Herritar askok geratzen dute eta neskatxa batek argazkia eta sinadura ere eskatu dizkio. Asko eskertzen duela dio, baina era berean arraro sentitzen dela herrian harrera hori edukita. “Ni betiko Nahikari naiz, herrikoa, ez naiz aldatu eta herritarrak ezagutzen ditut” kontatzen du. Oinak lurrean ditu, ez du ahaztu nondik datorren. Nahikari erreferente da futbol zelaian eta baita handik kanpo ere.

Zure izena hedabide guztietan izan da PSG-k zu fitxatzeko erakutsi zuen interesagatik, baina azkenean Realean geratu zara.

Aste oso mugituak izan dira niretzat, buruari buelta asko eman dizkiot eta tentsio handia pasa dut, niretzat egoera berria zen. Ez zen soilik nire erabakia. Realarekin hitz egin ostean bertan jarraitzea erabaki dut eta oso gustura nago. Reala nire etxea da eta uste dut proiektu eta helburu politak ditugula aurten.

Esan duzu ez zela zure erabakia soilik. Horrek esan nahi du erabakia zuk bakarrik hartu izan bazenu orain Parisen egongo zinatekeela?

Ez, ez, ez dut hori esan nahi. Azkenean ikusi beharko litzateke egoera hori izan balitz zer gertatuko zen, baina errealitatea beste bat izan da. Alde batetik, ez zen nire erabakia bakarrik, eta bestetik, momentuko egoera ere kontuan hartu behar da. Interesa sortu zenean aurredenboraldia oso aurreratuta zegoen, azken asteetan liga hasita eta egoera nahiko aldrebesa zen. Interesa udaran lehenago hasi izan balitz ez dakit zer gertatuko zen, baina gauzak eman diren moduan eman dira eta orain hemen nago, gustura nago,  gogotsu nago eta burua denboraldi on bat egitean dut jarria.

Zuretzat aukera paregabea zen, izan ere, PSG europako oilar nagusietako bat da, gizonezkoen futbolarekin alderatuta Bartzelona edo Real Madril batetaz hitz egiten ariko ginateke.

PSG-k potentzial ikaragarria dauka bai ekonomikoki eta baita futbolistikoki ere. Txapeldunen Liga jokatzen du urtero, oker ez banago duela bi urte finalera iritsi zen eta klub oso potentea da. Maila horretako talde batek niregatik interesa eduki izanak sekulako ilusioa egin dit, ez nuen espero horrelako talde bat nire bila etortzea. Ni hemen, Urnietan hasi nintzen futbolean jokatzen eta pentsatzea Parisetik deituko zidatela… Niretzat oso handia da.

DV

PSG gaur-gaurkoz Reala baino bi koska gorago dagoela kontuan edukita ez duzu uste zure jokoa garatzeko oso onuragarria izango litzatekeela horrelako jauzi bat ematea?

Nik gaur egun daukadan maila taldeak eman dit. Aurten beste urteetan baino askoz hobeto sentitzen naiz eta hori ere taldea ematen ari den mailaren araberakoa da. Aurredenboraldi oso ona egin dugu, Zubietako txapelketa ere bikaina izan zen eta ordutik aurrera gertatu dira nire inguruko gauza on horiek guztiak, bai PSG-ren interesa eta baita Espainiako selekzioaren deia ere. Taldearen maila hori gabe ez nukeen lortuko hori guztia eta oso eskertuta nago beraiei. Halere, badakit oraindik maila altuagoa eman dezakedala eta horretarako lan egingo dut.

Realarekin daukazun kontratua denboraldi amaieran amaitzen da. Momentuz geratu zara, baina kontratu hori luzatu gabe. Udaran berriro ere sua piztuko da?

Momentu honetan egunerokoan zentratu eta lasai egon nahi dut. Nire buruan ez dago horrelako ezer. Aurten helburu oso garrantzitsuak ditut, besteak beste, udaran Mundiala dagoelako eta han egon nahi dudalako. Helburu horiek lortzeko nire maila hobetzen saiatuko naiz. Gero udaran zer gertatuko den ikusiko da.

Eskaintza zure momenturik onenetariko batean iritsi zen. Denboraldia primeran hasi duzu golak sartuz eta Espainiako selekzio nagusiarekin debuta egin zenuen abuztuaren 31n gola eginda.

Niretzat ezin hobea izan zen horrela hastea, debut borobila izan zen. Ikaragarri gozatu nuen Espainiako selekzioarekin pasa nuen hastea. Gainera, ez nuen deia espero. Jada lehen deialdia emana zegoen (jokalari batek min hartu ostean deitu zuten) eta deia jaso nuenean sekulako ilusioa egin zidan. Aspalditik nengoen albiste horren esperoan eta lan asko egin dut horretarako. Niretzat sari bat izan da.

Nolako harrera egin zizuten?

Selekzioko kideak oso jatorrak dira, gainera nire taldeko Mariasun Quiñones zegoen eta euskalduna den Irene Paredes ere bai. Horrek asko laguntzen du. Jokalari oso onak daude eta profesioanalak dira zentzu guztietan, bai zelai barruan eta baita zelaitik kanpo ere.

Urriaren hasieran egingo den kontzentraziorako zerrendan ere sartu zaitu hautatzaileak. Bertan egotea garrantzitsua da Mundialari begira.

Bai. Egia da deialdian aldaketa asko egin dituela hautatzaileak eta betiko jendea edo selekzioan indar handia duen jendea ez dagoela, baina badakigu Mundialeko urtea izanda jokalari desberdinak ikusi nahi dituela eta guretzat aukera bat da. Erakutsi behar dugu badugula Mundialean egoteko maila eta ni nire aukerak aprobetxatzen saiatuko naiz.

Zer suposatuko luke zuretzat Mundialera joateak?

Amets bat betetzea. Lehenengo mailara iristen zarenean helburu handiak jartzen hasten zara eta Mundial bat jokatzea helbururik handiena da jokalari batentzat. Nik badakit zer den Espainiako selekzioarekin jokatzea eta Mundial bat jokatzea, azpiko taldeekin horretarako aukera izan dudalako. Halere, Mundial nagusi bat jokatzea beste gauza bat da.

Realari dagokionean liga bikain hasi duzue lehen 4 partidetan 10 puntu eskuratuta.

Nik uste dut ikasi dugula aurreko denboraldietatik, izan ere, denboraldi hasiera txarrek asko baldintzatu izan gaituzte. Aurten aldiz, oso ondo hasi gara eta horrek arnasa ematen dizu. Bolada on honetan jarraitzea espero dugu.

MD

Aldaketa batzuk izan dira taldean, zein ezaugarri dituzue aurten eta zein da zuen jokoa?

Talde bat gara ororen gainetik. Jende askok esaten du jokalariak banan-banan hartuta ez dugula horren talde ona, baina hori taldeko lanarekin orekatzen dugu. Denak lan egiten dugu ondokoari laguntzeko eta hori garrantzitsua da. Gainera, talde gaztea gara eta hobekuntza tarte handia dugu.

Aldatu ez dena taldeko erreferentea da, Nahikari Garcia.

Hori da aurrelaria eta gizpukoarra naizelako eta azken urteak ondo joan direlako, baina jokalari bakar batek ez du ezer egiten. Nik badakit taldekideak behar ditudala, eta era berean, taldekideek ni behar nautela. Beraz, oreka hori bilatu behar da, azken finean bakoitzak bere onena eman behar baitu taldearen mesedetan.

Urte mordoa daramazu eliteko futbolean 16 urte besterik ez zenuela iritsi baitzinen Realera. Nolakoa zen Nahikari hura eta nolakoa da gaur egungoa?

Asko ikasi dut denbora honetan eta mota guztietako egoerak bizitzea tokatu zait, onak eta gogorrak. Halere, momentu txar horietatik asko ikasten da. Bestalde, entrenatzaile dezente pasatu dira urte hauetan eta bakoitzetik ahalik eta gehien ikasten saiatu naiz. Orain askoz ere helduagoa eta taldekideagoa naizela esango nuke, garrantzi handia ematen diot taldeko lanari.

Honaino egin duzun bideak non izan zuen hasiera?

Ni Urnietako Errekalde kalean bizi nintzen txikia nintzenean eta hango parkean hasi nintzen futbolean jokatzen. Lagun dezente biltzen ginen. Futbol zelaia muntatzen genuen lau harrirekin eta oso ondo pasatzen genuen. Egia da oso neska gutxi izaten ginela, baina niri ez zitzaidan inporta. Oso oroitzapen onak ditut garai hartatik.

MD

Orain berriz, erreferente bilakatuta jendaurrean proiekzio handia duzu eta kalean jendeak ezagutu egiten zaitu. Nola daramazu alderdi hori?

Nahiko lotsatia naiz gauza horietarako eta oraindik kostatu egiten zait. Halere, pilo bat eskertzen dut eta niretzat pasada bat da kalean noala jendeak ezagutzea, batez ere horrek esan nahi duelako gauzak ondo egiten ari garela. Aurrekoan Anoetara joan ginen zelai berria ireki zenean eta harmailetan neska bat zegoen nire kamisetarekin. Ilusioa egin zidan, horrelako gauzek erakusten baitute neska gazteentzat erreferente bilakatzen ari garela eta hori emakumezkoen kirola bultzatzeko funtsezkoa da.

Pixkanaka bada ere emakumezkoen futbola goruntz doa. ETB partidak ematen hasi zen, GOL katea ere bai eta ligak Iberdrolaren babesa lortu zuen.

Telebistarena pauso ikaragarria izan zen, horrek asko gerturatzen gaituelako jendearengana. Neska gazteak gu telebistan ikusteak eragin handia du erreferenteak sortzerako orduan. Ni txikia nintzenean ez nituen emakume erreferenteak izan eta beraiek ikustea neskak ere goi mailan lehiatzen dugula eta beraiek ere horretara iritsi daitezkeela oso garrantzitsua da.

Ezaguna bai, eliteko kirolaria ere bai, baina oraindik futbolak ez dizu bizitza aurrera ateratzeko adina ematen eta beste emakume kirolari gehienak bezala, kirola ikasketekin edo lanarekin uztartu behar duzu. Kontatu iezaguzu zein den zure egunerekoa.

Goizeko seietan esnatzen naiz, autobusa hartzen dut Bilbora joateko, han ikasten baitut medikuntza (hirugarren kurtsoan doa). Klaseak amaitutakoan bazkaldu eta gero berriro buelta autobusean. Arratsaldean berriz, iritsitakoan entrenatzera joaten naiz eta zortziak aldera iristen naiz etxera. Niretzat gogorrena Bilbon ikastea da, joan-etorriak oso gogorrak egiten direlako. Dena aurrera eramateko burua antolatzen eta denbora guztiz aprobetxatzen ikasi dut.

RS

Neke horrek zure errendimenduan eragina izango du. Gizonezkoek aldiz, bai dutela erabat futbolera dedikatzeko aukera.

Nik ez dakit zer den futbolean soilik aritzea beti uztartu behar izan dudalako ikasketekin, eta beraz, ez dakit nire errendimendua zein puntutaraino baldintzatzen duen. Hori bai, gustatuko litzaiguke ehuneko ehunean futbolean aritzeko aukera izatea. Pixkanaka hasi dira norabide horretan pausoak ematen. Talde batzuk dagoeneko egunero goizez entrenatzen dute, guk asteazkenetan behintzat egiten dugu, eta pixkanaka bagoaz.

Zentzu horretan zurekiko interesa erakutsi duen PSG askoz aurreratuago dago.

Frantzian eta Alemanian urte batzuk daramatzate gauzak oso ondo egiten. Herrialde horietan emakumezkoen futbola pare bat pauso aurretik doa profesionalizazio bidean hemen dugun egoerarekin alderatuta.

Zuri buruzko albiste gehienetan aurrelari urnietarra ipintzen dute eta modu horretan, Urnieta ezagutzera ematen duzu.

Nik badakit nondik natorren. Ni Urnietan hazi naiz eta nire bitartez Urnietaren izena zabaltzen bada niretzat pozgarria izango da. Urnietan beti ohitura oso ona egon da kirolari begira eta horren adibide da gaur egun herriko kirolari asko daudela maila gorenean modalitate desberdinetan. Herri txiki bat izanda horrenbeste kirolari izateak erakusten du kirola sustatzen dela eta gauzak ondo egiten direla.

Noraino eramango duzu Urnietaren izena?

Ba ezin dizut esan kar, kar, kar. Kirol munduan badakigu non hasten garen baina sekula ez da jakiten non amaituko dugun.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika