Albisteak

Urnietak jai giroan jarraitzen du

Aiurri

Urnietan festa giroak ez du etenik. Sanmiel jaien ostean Arrosarioko Amaren ohorezko ospakizuna izango da urriaren 7an, eta ondoren, Xoxokako festak iritsiko dira.

Igande honetako ospakizunari Txanbolin txistulari bandaren doinuekin emango zaio hasiera goizeko 10:00etan.  Ordubete beranduago meza nagusia ospatuko da eta eguerdian berriz, Ingurutxoa eta XVIII Jalgi Plazara jaialdia ospatuko dira San Joan Plazan.

Arratsaldeko 17:30ean bestalde, Astigarragako Emarri neska-taldea arituko da harriari tiraka. 18:00etan ostera, Txekor jate solidarioa izango da Aizkibel harrobiak babestuta eta sagardo dastaketa Udalak antolatuta.

Zesta punta gustuko dutenek XI Willy Etxeberria memorialaren barruan Unai Lertxundi – Mikel Manzisidor eta Ekaitz Mendizabal – Aitor Andonegi partida ikusteko aukera izango dute 18:30etik aurrera. Musika eta dantza nahigo dutenentzat berriz, zita San Joan plazan izango da ordu berean Puro Relajo taldearekin. Bertan, rantxerak, korridoak eta euskal moldaketak izango dira entzungai.

Xoxokako festak urriaren 8tik 14ra

Xoxokako festei bere aldetik, urriaren 8an emango zaie hasiera astelehenarekin eta amaiera berriz, urriaren 14ean igandearekin.

Lehenengo egunean, Telleria eta Mugerza anaiak elkarren aurka lehiatuko dira herri kiroletan. Gero, Amets Arzallus eta Jexux Mari Irazuk giroturiko bazkari herrikoia izango da Adarra jatetxean, non giro ona eta umorea ez diren faltako. Eta eguna amaitzeko dantzaldia Elustondo anai-arrebekin.

Festetako bigarren egunean bertakoentzat oso berezia den gau sorpresa ospatuko da, auzokoen protagonismoarekin antzezlana egin ohi da eta. Aurretik, arratsaldean, idi probak ikusteko aukera egongo da.

Asteburuan ekintza gehienak

Astelehen eta asteartean ekitaldi batzuk izanagatik, egitarau nagusia asteburuan pilatuko da. Ostiralean, eguerdiko 12:00etan ikusmin handia sortu duen desafioa jokatuko da. Julen Gabirondo eta Suharri Irazustabarrenak Beñat eta Urtzi Telleriarekin neurtuko dituzte indarrak. Egin beharreko lanak ondorengoak: harria jasotzen 50 jasoaldi 100 kiloko zilindro zaharrari, 6 km korrika eta segan 700 m2 txanda librean. Proba benetan gogorra izango da, ikustekoa.

Arratsaldean ere izango da zer ikusia, izan ere, auzoko gazteak elkarren artean arituko dira giza proban. Gauean beste bertso afari bat, oraingo honetan Oihana Iguaran eta Sebastian Lizasorekin.

Larunbat goizean puzgarriak ipiniko dira haurrentzat. Arratsaldean musa gogoko dutenentzat izango da txanda, mus txapelketa jokatuko baita Xoxokako eskolan. Animaliak nahiago dituztenek ere izango dute zer ikusia Gorritirekin. Gau partean betitzu jatea eta gaua luzatu nahi dutenentzat Gabenara taldea eta DJ Altzibar izango dira.

Igandean, festen azken egunean, Egape Dantza taldeak erakustaldia eskainiko du meza nagusiaren ostean. Arratsaldean azkenik, auzokideen herri kirol lehiaketa eta Sagardo probaketa.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika