Albisteak

Haurtxokoak eta Gaztelekuak sustatuz haur eta nerabeek gizartean duten lekua aldarrikatzeko

Ikasturte berriarekin bat eginez, lurraldeko haurtxokoak eta gaztelekuak sustatzeko kanpaina berria martxan jarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ekimen horren helburu nagusiak aurkezteko gauzaturiko prentsaurrekoan izan zen David Rosco Urnietako Udaletxeko Gizarte Sustapen eta Garapen Pertsonaleko zinegotzia, Goizane Alvarez, Aldundiko Gazteriako Zuzendariarekin eta Patricia Arrizabalaga, Eibarko Gazteria arloko zinegotziarekin batera. Bertan kanpainaren bi helburu nagusiak ezagutzera eman zituzten: alde batetik, haur eta nerabe gipuzkoarrak zerbitzuetara gonbidatzea, eta, bestetik, zerbitzuaren garrantzia azpimarratzea, haur eta nerabeen kalitatezko aisialdirako eskubidea aldarrikatuz.

Horretarako, Aldundiak, udalerriekin elkarlanean, 50.000 gonbidapen bidaliko dizkie lurraldeko haurrei eta nerabeei.  Izan ere, haurtxoko eta gaztelekuak sarearen helburua da haurrek eta nerabeek gizartean duten lekua bermatzeko lan egitea. Funtsezko zerbitzu publikoa dela uste dute hirurek, haur eta nerabeak hiritar aktibo gisa hezten dituelako, beren aisialdirako denbora errespetatuz eta eskaintza ludiko baten bitartez. Gainera asko dira haurtxokoen eta gaztelekuen bitartez lantzen diren balioak: taldean egotea, jolastea, elkarrekin bizitzen ikastea, aniztasunean heztea, haur eta nerabeen parte-hartzea sustatzea, protagonistak izatea eta harremanak euskaraz egitea, besteak beste.

Urnietako Gaztelekuaren zerbitzua zabaldu da

Urnietako Udalak ere  bi zerbitzu horiek eskaintzen ditu. Herrian ludoteka bezala ezagutzen den haurtxokoak urrian irekiko ditu ateak eta gaztelekuak berriz, ordutegi zabalagoekin hasi zuen ikasturte berria irailaren 7an zerbitzu osoago bat eskaintzeko helburuz.

Hauek dira ordutegi berriak:

  • Astelehena-asteartea 17:00-19:30
  • Asteazkena-osteguna 17:00-20:00
  • Ostiralak 17:00-21:00
Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika