Albisteak

1.100.000 euroko kreditu aldaketa onartu da Eteneta-San Juan igogailua eraikitzeko sortuko diren gastuei aurre egiteko

Urnietako Udalak 1.100.000 euroko kreditu aldaketa bat onartu zuen kreditu gehigarri moduan Eteneta-San Juan igogailua eraikitzeko sortuko diren gastuei aurre egin ahal izateko irailaren 7an ospaturiko bilkuran.  Erabakia EAJ-PNV eta EH Bilduren aldeko bozkekin hartu zen. PSE berriz, aurka agertu zen.

Igogailua eraikitzeko plan berezia garatu eta proiektua onartu ostean, abuztuaren 1ean proiektuak eragindako ondasun eta eskubideen zerrenda behin betiko onartu zen. Orain, beharrezkoak diren lurrak eskuratzeko bidean da Udala. Behin lur eremu horiek lortuta, obra esleitzeko lehiaketa aterako da, eta azkenik, eraikuntza lanak hasiko dira. Beraz, pixkana igogailua eraikitzeko urratsak emanez jarraitzen du Udalak.

Bestalde, Urnietako Udaleko kirol zerbitzuaren kudeaketa moduaren aldaketa onartu zen hiru alderdien babesarekin. Gaur egun, zerbitzua Udalaren jabetzakoa den Kulturnieta S.A. sozietate anonimoaren bitartez ematen da hala onartu zelako 1993ko abenduaren 28an gauzatu zen Udalbatzarrean. Orain ordea, modurik egokiena zerbitzua Udalak berak kudeatzea dela uste da, eta horregatik hartu da erabaki hori adostasun osoz.

Gai horrekin lotuta langileen lanpostuen zerrendan aldaketa onartu zen aho batez, izan ere, orain arte lanpostu hori betez Kulturnietarako lan egiten zuen langilea Udalaren langileen lanpostuen zerrendan sartuko da etorkizunean.

Langile hori hautatzeko lehiaketa publiko bat irekiko da laster. Garaia iristean Udalak lanpostuaren deialdia argitaratuko du lanpostu horretara aurkezteko bete beharko diren baldintzekin eta izango dituen zereginekin.

Azkenik, Maria Pilar Quevedo Garro bake epaile titular izendatu zen eta bere ordezko moduan Manuel Longo Prieto.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika