Albisteak

Euskara ikasi nahi dutenak Urnietako euskaltegian matrikula daitezke irailaren 28ra bitarte

Duela urtebete ireki zituen ateak Urnietako euskaltegiak Udalak AEK-rekin sinatu zuen hitzarmenari esker, eta hala, Udalak bere hizkuntz politikan duen funtsezko irizpideetako bati erantzun zion, herritarren euskalduntzeari, alegia. Modu honetan Euskara ikasten hasi edo haien maila hobetu nahi duten herritarrek eskura dute urrats hori ematea, jada ez baitute beste leku batzuetako euskaltegietara joan beharrik.

Balorazio positiboa

Indartsu ekin du bere ibilbidea Urnietako euskaltegiak, izan ere, matrikulazio datuak oso onak izan ziren lehenengo ikasturtean. Orotara 54 ikaslek eman zuten izena eta maila desberdinetako 5 taldeetan banatuta jardun zuten lanean. Arrakasta handiena maila baxuek izan zuten, horietan aritu baitzen ikasle kopuru handiena. Adinei dagokienean ostera, aniztasuna izan zen nagusi. Klaseak giro onean garatu ziren eta bai ikasleak eta baita irakasleak ere oso gustura geratu ziren urtean zehar burututako hobekuntzarekin. Gainera, modu berezian eskertu zuten euskara ikasteko aukera herrian bertan izatea.

Hazten jarraitzeko helburua

Lehenengo ikasturteko arrakasta ikusita, bigarrengo urte honetan espero da oraindik eta jende gehiagok ematea euskara ikasteko pausoa. Horretarako interesa duen pertsona orok izena emateko aukera du irailean zehar.

Matrikulatzeko azken eguna: irailak 28

Informazioa: urnieta@aek.eus helbidera idatzita edo 662338747 telefonora deituta.

Hasiera batean maila guztiak eskainiko dira euskaltegian, eta ondoren, maila bakoitzean izena ematen duen pertsona kopuruaren arabera sortuko dira multzoak.

Bakoitzak bere mailan euskara hobetzeko, hitz egiteko orduan askatasuna lortzeko, testuak egoki idazten ikasteko eta zalantza gramatikalak argitzeko baliatuko ditu klaseak.

Udalak herritar guztiak animatzen ditu euskara ikasteko eta hobetzeko urratsa ematera.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika