Albisteak

Eteneta-San Juan igogailua eraikitzeko beharrezkoak dituen lurrak eskuratuko ditu Urnietako Udalak

Eteneta eta San Juan elkartuko dituen igogailua eraikitzeko pausoak ematen jarraitzen du Urnietako Udalak. Gaur goizean abuztuaren 1ean,  ospaturiko ez-ohiko  bilkuran igogailua jartzeko proiektuak eragindako ondasun eta eskubideen zerrenda behin betiko onartu da. Hurrengo urratsa, igogailua eraikitzeko beharrezkoak diren lurrak eskuratzea izango da.

2016.urtean legegintzaldiko inbertsio estrategikoak erabakitzeko burututako parte hartze prozesuan herritarrek erabaki zuten kiroldegia eraberritzea eta Eteneta-San Juan igogailua eraikitzea. Ordudanik bi lan horiek gauzatzeko lanean dihardu Udalak.

Igogailua eraiki ahal izateko plan berezi bat garatu behar izan da, obra garatuko den eremuaren lur zati batzuk ez direlako Udalarenak, jabe pribatuenak baizik. Beraz, lehendabizi lur horien jabetza ezagutzeko, eta ondoren, jabetza eskuratzeko garatu behar izan da plan berezi hori.

Plan bereziari 2017ko irailaren 21ean eman zitzaion hasierako onarpena, eta Gipuzako Boletin Ofizialean argitaratu eta gero, alegazioak aurkezteko epe bat zabaldu zen. Bi alegazio jaso zituen Udalak. Horietako bat epe barruan Yurramendi 8koek egindakoa, eta bestea berriz, epez kanpo. Epe barruan aurkezturiko proposamena Udaleko teknikariek landu zuten eta horren gainean egindako lanketa 2017ko  azaroaren 20ko batzordean aurkeztu zen. Alegazio horren inguruko erantzun guztiekin testu bateratu bat sortu eta 2018ko urtarrilaren 25eko batzorde informatibora eraman zen. Azkenik, urtarrilaren 30ean ospaturiko Udalaren bilkuran onartu zen behin betikoz plan berezia.

Mikel Pagola alkateak azaldu zuenez une hartan alegazioa aurkeztu zuten pertsonekin elkartzeko aukera izan zen, beraiengandik jasotako eskaeren artean, kontutan hartuko zirenak zein izango ziren azaltzeko.

Hurrengo pausoa igogailua eraikitzeko proiektua onartzea izan da, eta urrats hori apirilaren 12an ospatutako Udalaren bilkuran eman zen. Gaur goizean ( abuztuaren 1ean) izandako ez-ohiko bilkuran, igogailua jartzeko proiektuak eragindako ondasun eta eskubideen zerrenda behin betiko onartu da.

Beharrezkoak diren lur eremu guztiak lortu ostean, hurrengo urratsa obra esleitzeko lehiaketa ateratzea izango da eta behin lehiaketa hori amaitzean hasiko dira eraikuntza lanak.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika