Albisteak

Herritar guztiei irekitako lurrazpiko pasabidea eta igogailua eraikiko dira tren geltokian

Mikel Pagola alkatea eta Jorge Segurado Lurraldeko zinegotzia Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuordearekin urtarrilean

Urnietako Udalak Adifek tren geltokian herritar guztiei irekitako lurrazpiko pasabidea eta igogailua eraikitzea lortu du hainbat negoziazio bilera eta hartu eman eduki ostean, izan ere, Adif-ek aurkezturiko lehen proiektuan Renfeko erabiltzaileei mugaturiko lurrazpiko itxitako pasabidea eraikitzea proposatu zuen eta Udalak bere desadostasuna adierazi zuen urtarrilean argitaraturiko idatzi baten bidez.

Lehen proiektu horretan Adif-ek gaur egun dagoen trenbide-pasagunea kentzea planteatu zuen tren geltokiko bi nasen artean lurrazpiko pasabidea eta igogailu bat eraikiz, baina pasabide hori hesituta eta itxitako gune bat izatea proposatzen zuen Renfeko erabiltzaileentzako soilik izango zena, eta, ondorioz, gainerako herritarrei pasabidea mugatzen ziena. Hala, herriaren bi aldeen arteko komunikazioa desagertuz, eta herriko beste aldearekin komunikatu ahal izateko herritarrak ibilbide luzea egitera behartuz.

Urnietako Udala ados zegoen gaur egun dagoen trenbide-pasagunea kentzearekin. Baita, tren geltokiko bi nasen artean lurrazpiko pasabidea egitearekin eta igogailu bat eraikitzearekin ere. Neurri horiekin geltokirako irisgarritasuna eta segurtasuna asko hobetuko dira eta. Halaber, jakinarazi zuen Adif-ek inbertsio hori bere gain hartzea garrantzitsua zela. Ez zegoen batere ados ordea, pasabidea erabiltzaileen erabilerarako soilik ixtearekin eta herriaren alde batetik besterako herritarren iragatea kaltetzearekin beti oso erabilia izan den pasagunea izan dela kontuan edukita.

Udalaren ezustekoa izugarria izan zen Adifen planteamendu horrek ez zuelako hiri antolamendurako plan orokorrean (HAPO) adostutakoa errespetatzen, non lurrazpiko pasaguneak erabilera publikoa izango duela jasotzen den, hau da, herritarrei irekia. Plan hori Adif-en alegaziorik jaso gabe onartu zen, eta beraz, ez zuen ulertzen zergatik aldatzen zuen planteamendua.

Ordutikan herritarren interesak defendatzeko eta hasierako proiektu hori aldatzeko lanean aritu da Udala bilera desberdinak eginez, eta badirudi lan horrek fruituak emango dituela, izan ere, duela aste batzuk Adifek prentsa ohar bat bidali zuen hedabideetara esanez Urnietako geltokiko irisgarritasuna hobetzeko lanak kontratatu dituela 1.965.041 euroko aurrekontuarekin, eta bederatzi hilabeteko exekuzio epearekin (irailean hasiko dira). Ohar horretan zehazten zen jarduketa horiekin nasen arteko beheko pasabide bat egingo dela geltokian, eskailerekin eta igogailuekin, eta horrela bidaiariek ez dutela trenbide-mailatik gurutzatu behar izango.

Bestalde, aipatzen zen igogailuak eta eskailerak nasen eremutik kanpo geratuko direla, hartara, geltokiko beheko pasabideak herritarrek erabiltzeko ere balioko dutelarik, herritarren igarobideko fluxuak, trenbideko bidaiarienekin nahastu gabe. Horrela, Udalak egindako eskariari erantzungo zaio, geltokiaren inguruko auzoak lotuta geratuz.

Lanak irailean hasiko dira, baina erabiltzaileek ez dute eraginik izango eta zerbitzua erabiltzen jarraitu ahal izango dute.

Renfe txartel bakarrera batuko da

Mugi txartela Aldiriko Trenaren zerbitzuan erabili ahalko da bere deskontu eta hobariekin hilabete gutxiren buruan, Gipuzkoa osorako dagoen tarifa bateratura batuko da eta. Momentu honetan, txartel hori Euskotrenen, Lurraldebusen, Dbusen, eta Irun, Errenteria, Arrasate, Zarautz, Eibar, Hernani eta Lasarte-Oriako herriko autobusetan bidaiatzeko erabil daiteke.

Neurria hurrengo hilabeteetan jarriko da martxan egokitzapen teknologiko batzuk egin behar baitira. Aldaketak erabiltzaile mordoari egingo dio mesede eta horren adierazle da Aldiriko Trenaren zerbitzuak 6 milioi bidaiari dituela urtean.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika