Albisteak

Herritarrak gustura eta eskertuta daude Urrakako igogailuarekin

Azterketa tekniko guztiak pasa eta gero, eta ondo funtzionatzen duela baieztatu ostean, Urrakako igogailua herritar guztien eskura dago uztailaren 3az geroztik. Urnietarrek zerbitzu berriarekin gustura eta eskertuta daudela esan digute.

Maria Pilar Izquierdo

“Oso kontentu nago, izan ere, lehen 37 eskailera igo behar nituen goiko kalera igotzeko, eta ondoren, bueltakoan, berriro jaitsi egin behar nituen. Hau askoz erosoagoa da eta primeran dago”.

Maria Pilar Feloaga

“Aldapa asko daude eta neurria oso onuragarria da. Nik ikaragarri eskertzen dut orain muga handiak ditudalako. Jarri zidaten protesi batek ez dit ondo funtzionatzen eta eremu lauetan soilik ibil naiteke. Martxan jartzeko desiatzen nengoen. Orain adibidez, Kutxaraino bakarrik joan naiteke, lehen norbaitek eraman behar ninduen kotxez”.

Oscar Diaz

“Oso ondo dago. Auzo honetan adineko eta mugikortasun arazoak dituen pertsona asko bizi da eta arazoak dituzte aldapak eta eskailerak igotzeko. Igogailu honekin ostera, arazorik gabe igo daitezke”.

Fernando Gonzalez

“Hiru hernietatik operatu naute, hankak ere oso ahul ditut eta ezin nuen aldapa handi hori igo. Ondorioz, auzoko eremu lauetan soilik ibiltzen nintzen herriko goiko partera ezin nuelako igo. Oso ondo dago eta oso polita geratu da gainera”.

Julian Cordero

“Primeran geratu da eta oso ondo iruditzen zait. Igogailu hau mesedegarria da denontzat. Horrela, trenetik eta lanetik datorren jendeak ez du aldapa txar hori igo behar”.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika