Albisteak

Nelida Zaitegi: “Urnietan lan egitea gozada bat izan da, ohore bat, eta hori ez zait maiz gertatzen”

“Hezkuntza hobetu: jakin, partekatu eta elkarrizketatu” lelopean Euskadiko Eskola Kontseiluak eta Urnietako Udalak sustaturiko proiektuan parte hartu dute herriko lau ikastetxeek elkarlanean, hezkuntza sistema hobetzea eta egungo testuingurura egokitzea helburu izanik.

Urnietako hezkuntza komunitate osoa barneratu da proiektuan, irakasleak, ikasleak eta gurasoak. Bakoitzak bere lanketak burutu ditu eta horien emaitzak aurkezteko saio berezi bat egin zen atzo Udaletxean. Bertan irakasleen eta gurasoen lan saioetatik eratorritako manifestuak irakurri ziren, eta halaber, ikasleek eginiko lan guztietatik hautaturiko bostak aurkeztu ziren.

Mikel Pagola alkateak eman zion hasiera saioari: “hezkuntzaren inguruko gogoeta bat egitea izan da asmoa, egungo hezkuntza aztertuz, baina batik bat, etorkizuneko ikuspegia landuz: zertan hobetu daitekeen hezkuntza eta zein hezkuntza eredu izan nahiko genukeen, besteak beste”.  Gaia kokatuta eskerrak eman nahi izan zizkien herriko 4 ikastetxeei: “hasieratik emandako babesa ikaragarria izan da, eta baita, prozesu guztian burutu duzuen lana eta erakutsi duzuen jarrera ere”. Bestalde, gurasoek eta ikasleek egindako ekarpenak goraipatu zituen Pagolak eta denen artean izandako elkarlanarekin geratzen dela adierazi zuen.

Ondoren, saioan presidente lanetan jardun zuen Nora Muro Egape ikastolako Lehen Hezkuntzako 6.mailako ikaslea aurkeztu zuen alkateak. Muro izan zen aurrerantzean saioa zuzentzeaz arduratu zena, eta gaitasun handiz burutu zuen lana ordezkari desberdinei hitza emanez.

Irakasleen eta gurasoen manifestuak

Ixiar Artola Egape DBH-ko irakaslea arduratu zen irakasleen manifestua irakurtzeaz. Esan zuen irakasleek hezkuntza sistema hobetzeko konpromezua hartzen dutela, jakinda hezkuntzaren errealitatea konplexua dela. Horretarako hainbat aldaketa proposatu zituen: ikasleekin metodologia aktibo, berriztatzaile eta parte hartzaileak erabiltzea etapa guztietan, teknologia berrien onurak ikastetxeen egunerokoan lagungarri izatea, elkarbizitza sustatzea, eskola irekiagoa bultzatzea gurasoekin harremana sendotuz eta ikasleen hizkuntzetarako gaitasuna handitzea euskaratik hasita, baina beste hizkuntzak ahaztu gabe, besteak beste.

Gurasoen manifestua berriz, Maria Rivier Guraso elkarteko Lidia Ubillosek irakurri zuen eta haiek harturiko konpromezuak zerrendatu zituen. Hala nola, heziketan pentsatzeari denbora eskaintzea, ikastetxeetan agente aktibo izanez seme-alaben ikasketa prozesuan murgiltzea, herrian hezkuntzaren inguruan antolatzen diren ekintzetan parte hartzea eta irakaslegoa errespetatzea.

Ikasleen 5 lan hautatuak

Ikasleek egindako lan guztietatik 5 aukeratu dira eta horien azalpenak lan bakoitza gauzatu duen taldeko kide batek eman zituen. Peru Sanchez izan zen Egape DBH 4B-ko ordezkaria, Ane Otaegi Salesiar ikastetetxeko 4A-koa, Ainara Isasti Egape DBH 4C-koa, Jone Izagirre Presentacion de Maria 6A-koa eta Malen Tranche Egape LH 5.mailakoa. Ikasleek ere proposamen ugari egin zituzten. Hauek dira horietako batzuk:

  • Lan mundua ezagutzeko ekintza ezberdinak egin.
  • Klase praktikoak.
  • Ordutegi intentsiboa. Errendimendu hobea izateko eta etxeko lanak egiteko eta eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzeko denbora gehiago izateko.
  • Ezgaitasunen bat duten pertsonentzako baliabideak ziurtatu. Hau da, eskola irisgarria.
  • Egunerokoan beharrezkoak diren zenbait esparruko tailerrak egiten: Adibidez sukaldaritza edo sorospen ikastaroak.
  • Talde lana oso garrantzitsua izanik proiektuen bidez ikasten jarraitzea.
  • Edukien eta beste hainbat gaitasunen ebaluazioa egitea.
  • Euskararen erabilera eta gure kultura sutatzeko ekintzak egitea.
  • Talde-lana oinarri izatea.
  • Teknologia berrien erabilera sustatzea.
  • Irteera gehiago egitea asko ikasten delako.
  • Tutoretza ordu gehiago, harremanak indartzeko.

Ekarpen horiek guztiak jaso eta gero, Nelida Zaitegi Euskadiko Eskola Kontseiluko presidenteak itxi zuen saioa: “jasotako proposamenak Legebiltzarreko alderdi guztiei eta Hezkuntza sailburuari bidaltzeko konpromezua hartzen dut. Baina horrekin ez da gaia bukatuko. Orain, bakoitzak harturiko konpromezuak bete behar ditugu, izan ere, aldaketak norberarengandik hasten dira. Hau hasiera izan da”.

Bestalde, esker honeko hitzak izan zituen Urnietako Udalarentzat eta herriko hezkuntza komunitatearentzat. “Ohore bat izan da niretzat zuek bezalako jendea ezagutzea eta zuekin lan egitea. Zuen jarrera ikaragarria izan da. Asko saiatu zarete eta bidean topaturiko oztopo guztiak gainditu ditugu. Hau ez zait maiz gertatzen. Urnietan lan egitea gozada bat izan da. Asko disfrutatu dut.  Horretan talde bultzatzaileak ikaragarri lagundu du. Eta gero, prozesu honetan funtsezko pieza alkatea izan da. Bere konpromezua eta lana ikaragarria izan da. Aktak eta guzti egin ditu eta niri ez zait horrelakorik gertatzen normalean. Erraztasun guztiak eman zaizkigu eta oso eskerturik nago”.

Urtarrilaren 23an Legebiltzarrera

Lan horiek guztiak Legebiltzarrean aurkeztuko dira urtarrilaren 23an, proiektuan parte hartu duten Santurtziko eta Arabar Errioxako ordezkarienekin batera.

Legebiltzarreko saioa zuzenean ikusi ahalko da streaming bitartez Eusko Legebiltzarraren web orrira joan (www.legebiltzarra.eus) eta “Zuzeneko emisioa” atalean sartuz.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika