Albisteak

Julen Gabirondo: “hasitakoan ez nuen espero lortzen ari naizen guztia lortzea”

Kasualitatez hasi segan duela 5 urte Julen Gabirondo. Mikel Garaialde lagun minak Xoxokako festetako sega desafioan Suharri Irazustabarrena eta Mikel Zumetaren aurka lehiatzeko bikotea behar eta berari hots egin zion. “Aurretikan sekula segarik hartu gabea nintzen, baina esan nion probatuko nuela eta saiatuko nintzela”. Ordu mordoa sartuta eta gogor entrenatuta mimoz prestatu ziren zitarako. Lanak fruituak eman zituen, garaile izan ziren eta: “Gustatu egin zitzaidan, gainera garaipenak haize pixka bat ematen du eta  hurrengo urtean txapelketa ofizialetan parte hartzea erabaki nuen”. Ordudanik aurreikuspen guztiak apurtu ditu. Dagoeneko 6 txapel jantzi ditu eta herri kirolen munduko erreferente bat bihurtu da.

Segan hasitakoan espero al zenuen kirol horretako erreferente bilakatzea?

Beti izaten dira ametsak, baina hasitakoan ez nuen espero lortzen ari naizen guztia lortzea.

Zerk erakarri zintuen?

Oso kirol gogorra da baina ere berean polita. Ez da 10 aldiz arituta dena ikasten duzun kirol bat. Beti ikasten da beste zerbait. Kolpea modu batean edo besteak sartzeak asko aldatzen ditu gauzak, teknika oso garrantzitsua da kirol honetan.

Gauzak abiadura bizian joan dira.

Txapelketetan parte hartu nuen lehen urtean Eukal Herriko eta Gipuzkoako finaletatik kanpo geratu nintzen. Hirugarren urtean, 2015ean, hasi nintzen lehen emaitzak lortzen.

Gipuzkoako finalerako sailkatu nintzen, baina azkena geratu nintzen gorputzaldi txarra izan nuelako. Euskal Herrikoan ostera, nire lehen txapela irabazi nuen modalitate luzean. 2016an Gipuzkoako bi txapelketak irabazi nituen, bai luzea, eta, baita azkarra ere. Eta 2017a urte biribila izan da. Euskal Herriko bi txapelak eta Gipuzkoako azkartasunekoa irabazi ditut.

Euskal Herriko lehen txapela berezia izango zen.

Entrenamenduetan ondo ikusten nintzen, baina ez nuen uste irabazteko adinako maila izango nuenik. Halere,  finalean konturatu nintzen gainerakoak jarraitzeko kapaz nintzela. Azken 20 minutuetan Igor Esnaola eta ni batera ginen, egun ona nuen eta banekien ez nintzela eroriko. Erritmoari eutsi nion eta azkenean garaile izan nintzen.

Zer sentitzen da txapelak irabaztean?

Kriston poza, eromena da. Entrenamenduetako pena guztiak, sufrimendu guztik eta dena ahaztu egiten da. Nire prestatzaile fisikoak esan ohi duen moduan lan berdina eginda baina lehenengo edo bigarren geratuta sentsazioak erabat desberdinak dira. Bigarren izanez gero, gaizki ibili zaren sentsazioa geratzen zaizu eta irabaziz gero aldiz, dena ondo.

Herri kirolen erronketako bat jende gaztea erakartzea da. Beraz, zu bezalako kirolariak iritsi izana haize freskoa izango zen segarentzat.

Gu hasi aurretik Gipuzkoan 5-6 pertsona zebiltzan. Ni eta Mikel Garaialderekin beste bi batu ginen. Hurrengo urtean Suharri Irazustabarrena eta Iñigo Mercader hasi ziren, eta, orain, Jon Otegi oiartzuarra ere hasi da. Beraz, jende gaztea animatzen ari da eta hori positiboa da. Aurten Euskal Herri mailan ibili garen guztietatik 2 ziren 40 urtetik gorakoak.

Hori bai, urtean zehar ez dituzue txapelketa asko izaten.

Bi txapelketa nagusi ditugu. Gipuzkoako eta Euskal Herriko proba luzeak. Beraz, urte osoko prestaketa horretara bideratzen da eta presio dezente izaten dugu. Gero modalitate laburreko beste froga batzuk ere izaten dira.

Nola daramazu zuk presio hori?

Presioa eramaten ikasten da. Hasieran oso urduri jartzen nintzen. Oraindik ere eguna iristean tximeletak sentitu ohi ditut sabelean. Dena den, gero gorputzak erantzun egiten dit normalean.  Urte osoa gogor entrenatu ostean egun txarra izanez gero buruak buelta asko ematen ditu, baina kirola horrelakoa da. Momentu txarrei ahalik eta azkarren buelta ematen ikasi behar da eta momentu onez gozatzen.

Nola prestatzen zarete segalariak?

Neguan belarrak mozteko tamaina txikia izaten du eta hazi arte gimnasioan, mendian, bizikletan eta korrika ibiltzen naiz. Astean 5 egunez edo entrenatzen dut. Gero martxoa-apirilean belarra mozteko dagoenean 3-4 egunez segarekin aritzen naiz eta beste bi egun, gimnasioan, korrika edo bizikletan.

Beraz, Messi eta Cristianok adina lan egingo duzue baina gero bueltan jasotzen duzuenean badago aldea.

Kar, kar, kar. Diferentzia ikaragarria da. Guk ez daukagu segatik bizitzerik. Gustatzen zaigulako aritzen gara. Guk lanera joan behar dugu.

Zein modalitate duzu gustokoen, luzea edo laburra?

Garrantzi gehiago froga luzeei  ematen diegu, batik bat horretarako prestatzen garelako. Baina modalitate motza ere gero eta gehiago gustatzen zait eta hori da Europan egiten dena.

Europa aipatu duzu eta Europako txapelketetan ere izan zara Euskal Herriko selekzioarekin.

Duela 4 urte Hego Tirolen izan ginen, eta aurten berriz, Suitzara joan gara. Seigarren postua eskuratu nuen bertan eta oso gustura geratu naiz.

Zein da Europako potentzia nagusia?

Suitzarrak eta Hego Tirolekoak oso ondo ibiltzen dira baina aurten Austriar bat izan da garailea. Gu ere ari gara pixkanaka muturra sartzen.

Askotan esaten da zailena ez dela iristea izaten baizik eta mantentzea. Orain helburua goian segitzea.

Bi txapel nagusietatik bat behintzat ateratzea gustatuko litzaidake, bestela atzerapauso bat izango litzateke. Dena den, gainerako guztiak ere hori dute helburu, oso ondo prestatzen dira eta badakit ez dudala erraza izango, baina borrokatuko dugu.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika